Zer egingo dugu gure iraganarekin? Denborak zeharkatzen gaituen gisan gurutzatzen zaizkigu tradizioak. Ez dago norbere erraiak zabaldu besterik tradizioek bizimodua baldintzatzen dutela ohartzeko. Nork ez du zerbaiten parte sentitu nahi? Nork ez du, halaber, libre bizi nahi? Tradizioa bizi, ulertu, sortu eta birsortzeak duen esanahiaz eta garrantziaz dihardute Oier Zuñiga Perez de Urabain aktore eta marrazkigileak, Aner Peritz Manterola bertsolariak, Ihitz Iriart Casenave kantari, dantzari eta kultur eragileak, Ibon Rodriguez Garcia musikariak eta Danele Sarriugarte Mochales idazle eta itzultzaileak, bost ahots, bost artista, bakoitza bere diziplina, testuinguru eta bizipenetatik.