Omenduari gur egiteko funtzioaz gain, denboraren distantziarekin argazki berri bat sortzeko aukera ematen dute omenaldiek. Kasu honetan, Imanol Larzabalen ekarriari tenperatura hartzeko aukera, hamar urteren bueltan atzera begirakoarekin aurrera begiratzekoa.
Napoka Iria izan zen ordezkapen gazte bakarra, eta belaunaldi bat edo bi egin beharko genuke aurrera gainontzeko gonbidatuak aipatzeko. Publikoan ere islatu zen adin tarte horren gabezia. Bada, Napoka Iria —gazteenak— eta Beñat Axiari —ia nagusienak— nabarmendu nahiko nituzke, Lartzabalen kantuak jaso eta beren iragazkitik ematen saiatu eta lortu zutelako. Donapaleukoaren Berriro igo nauzu ene mendira kantuaren berrinterpretazioa, Joxan Goikoetxearen akordeoiaren laguntzaz, sublimea izan zen, Leteren hitzetako silaba bakoitza zukutu baitzuen.
Bilbon aritu ziren gainontzeko hamabi abeslariak —nabarmenenak, nire ustez, Mixel Arotze, Caroline Philips eta Amaia Zubiria— Imanolen ohiko kolaboratzaileak ziren Txema Garces, Michel Longaron, Mixel Ducau eta Goikoetxearekin aritu ziren. Talde bikain horrekin zailagoa zen abeslari horientzat kantuei ñabardura propioak bilatzea, baina Imanolen zuzenekoetako sonoritatea irudikatzeko oso baliagarria izan zitzaigun, behintzat haren kontzertuak ikusteko aukerarik izan ez genuenoi; gazteegiak ginen eta aurreiritzi gehiegi genituen donostiarraren sotiltasunari, soiltasunari zein sofistikazioari so egiteko.
Hain zuzen ere, garai sofistikatu eta lirikoeneko kantuak izan ziren argazkirako aukeratu zirenak, eta 70eko hamarkadako kantuei iskin eginez (Euskadin Castillan bezela eta Lau haizeetara salbu); deserosoak izango zitzaizkion, akaso, publikoari, edo antolatzaileei edota Imanoli berari ere. Ezin dut ukatu Zer naiz ni zu gabe, Sanguis Martyrum, Nere euskaltasuna, Zure tristura, Mendian gora edo De Treville-ren azken hitzak biltzen dituen errepertorio bat hutsezina dela, baina, era berean, behinola Michel Etxegaray izan zena osotasunean ulertzeko ezinbestekoa begitantzen zait garai hura sakonxeago islatzea.
Argazkietan, hainbat gauza planotik kanpo geratzen dira, planotik kanpo utzi behar ditu argazkilariak. Hamar urteotan ez dira zimurtu bere kantuak, baina publikoaren hoztasunak (ez naiz soilik Arriagakoaz ari) eta bere ekarpen artistikoaren zurztasunak argazki deserosoa errebelatzen dute.
ibon rodríguez