zuriak belzten

Donostia. 1982 edo 1983 urtearen bueltan. Inguru erdalduneko punk zale gasteiztarra eta Lazkaon txikitan Benito Lertxundi eta Xabier Leteren diskoak, baina baita Pink Floyd eta Dylanenak, entzuten oheratzen zen goierritarrak elkar ezagutzen dute pisu batean bizi den intelektual ipurterre hutsa den lagun talde komun baten bitartez. Bi ezagun berriek Jacksons anaien zuzeneko diskoaz jarduten dute, eta aitortza horri esker lagun min egiten dira. Lehenengoa Xabier Montoia eta bigarrena Kaki Arkarazo. Biak ala biak M-ak, euskal rockak eman duen talde liluragarrienetariko baten bi ardatz nagusiak. 1982tik 1990era bitartean bost disko argitaratu zituen itzal handiko banda honen atzera begirakoa ezinbestekotzat jo du Entzun! aldizkariak. Bi musikariongana jo dugu musika beltza eta zuria uztartzen Euskal Herrian aitzindaria izan zen nortasun aldakorreko bandaren xehetasun guztien berri izateko.


“Garai hartan musika beltza Euskal Herrian puta mierda hutsa zen”. Horrela mintzatu da Kaki 80ko hamarkadan Euskal Herrian erritmo beltzekiko zegoen iritziaren inguruan. Irmo. Argi. Prince, Heart Wind & Fire edo James Brownen tankerako izen handiek ez dute gurean toki nabarmenik izan, gutxiago Rock Radikal Vasco-k eztanda egin zuen garaian. Fermin Etxegoien kazetariak esango zuenenez, gurea konbaterako rocka zen. “Eta gu izan ginen musika beltza egiten hasi ginenak, horregatik joan zitzaigun hain gaizki”, azaldu du Kakik.
Alabaina, M-ak-en diskografiari erreparatzen badiogu, musika beltzaren arrasto gutxi antzematen da 1984 urtean MMMM izenarekin plazaratu zen estreinako lanean. Izan ere, Kaki eta Montoia ezagutu zirenerako lehendabiziko disko hori osatuko zuten doinuen zirriborroak lantzen ari ziren Kaki eta Anjel Gonzalez Katarain Amara Zaharrean zegoen IZ estudioetan. “Ni Donostiara iritsi berria nintzen, 82-83an, Hondarribin, egon nintzen lanean, eta han muntatu nuen nire estudioa. Txikitatik ezagutzen nuen Anjel (Katarain), oso lagunak ginen eta berak lagundu zidan estudioa martxan jartzen. Utzita neukan Bilbon hasi nuen Soziologiako karrera eta handik bueltan abiatu nuen estudioa Hondarribin, Hasier Etxeberria, Anjel Valdes, eta Josu Iztuetarekin bizi nintzela. Etxabean jarri nuen estudioa”, dio Arkarazok. Gainera, irratian hasi zen lanean, beraz, musika asko entzuteko aukera zeukan. Hala, lehenengo disko hori ez zen ohiko banda baten emaitza, bi musikari-teknikariren esperimentua baizik, non beste lagun batzuk kolaboratu zuten: Montoia, Fernan Irazoki, Mikel Artieda eta Irantzu Silva, besteak beste. Azken bi horiek Arkarazorekin batera Laket taldean aritu ziren 1981inguruan, Bera inguruko berbena taldea.

Montoiak, bestalde, Hertzainak punk taldea utzia zuen Gasteizen. Musikari eta idazleak bere talde zaharra gerora M-ak izango zen esparrura eraman nahi zuen, “inongo arrakastarik gabe, jakina”. Etorkizunean taldeko karisma handiko abeslaria izango zena punk klasikotik at zegoen, “orduan Cherry Red, Rough Trade zigiluetan oso sartuta nengoen, garai hartako Pop Group, Au Pairs, edo Young Marble Giants, beste kontu horretan nengoen, Joy Division, post punk-a”. Hala, musika beltzean ez ezik, arty kutsuko punk horretan ere bat egin zuen Arkarazorekin: “Montoiarekin, Mikel Antzarekin (gorago aipaturiko Donostiako pisuko kideetariko bat) eta abarrekin bizi izan genuena abangoardia minimala zen. Cherry Redeko abeslariak, adibidez Marine Girls, Ben Watt (Everything But The Girl)…”.

Hala, avant-garde eta after punk estiloen itzalaren pean gauzatu zen gerora M-ak izango zenaren lehendabiziko urratsa: MMMM. Umeek, lehenengo kantua, esaterako, estudioan igarotako gaupasa batean egin zuten Kakik eta Katarainek. “Nik abesten dut kantu horretan, oso gaizki, erritmo-kutxa ere badago. Grabazioetan kutxan eta bonboan mikrofono bat jartzen genuen eta beste bat gelaren beste aldean. Mikro batek soinu bat hartzen zuen eta besteak askoz soinu zabalago bat. Horri ate baten antzekoa jartzen genion eta zzzzzzzzup egiten zuen. Soinu hori dago lehenengo diskoko kanta askotan. Ez dago beste trikimailurik, erabat artisau lana da.” “Kakik bazeuzkan gauza batzuk eta gero ni heldu nintzenean oinarri horien gainean melodiak egiten hasi nintzen eta gero hitzak. Hortaz, berez ez zen talde bat. Etxera ekartzen zuen magnetofoia eta hantxe aritzen ginen Kaki eta biok kantuak egiten, edo inprobisaziozko kantuak egiten”, azaldu du Montoiak.

Disko horretako kantu eztienak ditu gustuko Kakik. “Kanta politenak dira erritmo kutxarekin egindakoak, suabe suabeak direnak, minimal puntu hori dutenak”. Ondoren, eta estilo horri tiraka, Kakik Matxinadak diskoa plazaratu zuen Katarainen laguntzarekin.
MMMM, IZk zuen argitaletxearen bitartez kaleratu zen eta kritika onak izan zituen zerbait berria bezala ikusten baitzen. Egitasmoak disko horrekin bukatu behar zuen, baina aurkezpen kontzertu gutxi batzuk egin zituzten. Alvaro Matxinbarrena pintoreak, orduan Kakiren bizilaguna, traje batzuk diseinatu zizkien zuzenekoetarako, baina ideiak ez zuen arrakastarik izan. “Uniformatuta irten ginen behin bakarrik. Lehenbizikoan, geroztik konturatu ginen hura ez zela guretzat. Argazkiak daude. Pixka bat DEVO eta kontu hori, tira, gehiago Residents edo ez dakit. Egia esan, ez zitzaidan gehiegi gustatu, baina onartu nuen”, azaldu du Montoiak. Mozorroturiko emanaldi hori Donostiako Kutxako areto batean egin zen. Matxinbarrenak, gainera, lehen disko horretako azala egin zuen William Hurt aktorearen begiak erabiliz, “Brian Eno, Talking Heads eta Roxy Music zalea zen eta gure musikarekin liluratuta zegoen”, dio Kakik. Bilboko Somera kalean zegoen Gaueko aretoan ere bi saio eskaini zituzten egun berean. Garai hartan 23 urte inguru zituzten eta “kultura musikal ikaragarria geneukan”. Bira “sasiofizial” horren aurretik diskoaren aurkezpen “ofiziala” egin zuten Xaribarin, prentsarekin eta gonbidatuekin. Diskoko kantu bakar bat ere ez zuten jo. Esaterako, orduan argitaratu gabe zegoen Putrea doinua jo zuten.
Kontzertu horietan formazio ezberdinak izan ziren, tartean, Mikel Artieda (baxua), Fernan Irazoki (bateria) edo Diego Matxinbarrena (bateria), Alvaroren anaia. Diegok eta Mikel Andonegik Emeak eta Arrak diskoko formazioan parte hartuko zuten. “Matxinbarrenak erritmoa zeraman, ez zen bateria jotzailea, baina bueno. Erritmo kutxa bat bezalakoa zen. Eta orduan Mikel Andonegi teklista sartu zen. Gero Ameriketara joan zen eta oraintsu disko bat atera du Gaztelupeko Hotsekin”.
Emeak eta Arrak

Horrela, 1986 urtean Emeak eta Arrak bigarren lana kaleratu zen Madrileko Nuevos Medios zigiluaren eskutik. Taldekideak honako hauek izan ziren: Anjel Valdes (perkusioa, Kakiren aspaldiko laguna), Pepo (baxua, bilbotarra, egun hilda dago), Mikel Andonegi (pianoa eta sintetizadorea), eta Diego Matxinbarrena (bateria). Katarain teknikari lanetan arituko zen. Formazio horrekin entseatzen hasi eta esperimentazioa baztertu barik, soul eta funk ukituak sartzen hasi ziren. Kakik argi eta garbi zeukan lan horretan funk kutsuko zerbait egin nahi zuela, baina nafarren oinarria behar zuen, Artieda eta Fernan Irazoki hain zuzen, “baina ez zuten nahi izan”. Orduan Emeak eta Arrak grabatzeari ekin zioten “oinarri erritmiko ahul batekin, suabea, oso light-a”.

Era berean, Talking Heads talde estatubatuarrarekin alderatzen hasi ziren orduko prentsa eta musika zaleak, “esaten zen antzekoak ginela Montoiak abesteko zuen eragatik, David Byrne-ren antzera”. Dena dela, Arkarazok ez du ukatzen Psychokiller doinu ezagunaren egileak gustuko zituenik, batez ere Remain in Light lana, Brian Enoren ekoizpenarekin, “harrituta geunden disko horrekin”. Kakik eta Montoiak baina, ez zuten estilo hori jorratzeko asmorik, zerbait erritmikoagoa egin nahi zuten, after punk-aren eragin ilun eta apur kantsagarri hori utzi eta zerbait alaiagoa egin, “gure gustuak horiek baitziren”. Montoiak aipatzen du garai horretan New Yorkeko taldea baino, gehiago atsegin zutela A Certain Ratio talde ingelesa, Joy Divisionen bertsio funky-agoa. Montoiak dioenez, “funky industriala zen, horrek bai, eragina izan zuen gugan. Talking Heads-ek beste eragin bat izan zuen, nahiz eta diskoa entzutean jendeak talde hori aipatzen zuen, eta ez A Certain Ratio. Baina niretzat askoz inportanteagoa zen A Certain Ratio”. “Bai, baina A Certain Ratiok, erritmikoki, mila buelta ematen zizkigun”, dio Arkarazok.

Beraz, zerbait dantzagarriagoa egin nahi zenuten ezta, Kaki?
Bigarren diskoa atera zenean entzun genuen Red Hot Chili Peppersen bigarren diskoa, George Clintonek ekoitzi zuena, ikaragarria zen. Orduan hemen inork ez zuen ezagutzen. Montoiak ekarri zuen, ez dakit nondik. Guk hori egin nahi genuen. Zerbait indartsuagoa, bitxiagoa, baina ez geneukan sekzio erritmiko bat hori adierazteko. Zuloa arte ez genuen eduki. Tira, ia Barkatu Ama diskora arte. Erdibideko disko bat bezala geratu zen, kutsu atmosferiko politak lortu genituen, Putreak lehen aipatu dudan kantuak zeukana, gero Ehun Ginen ere egin genuen, baina mila aldiz hobeto egin ahal zen. Bateria Alvaroren anaia zen, oso geldoa jotzen. Eta baxuan Pepo.

Zoritxarreko lan honek, baina, oihartzun handia izan zuen, Madrileko Nuevos Medios diskoetxeak argitaratu baitzuen. Montoiak gogoratzen du haien gustukoa zen musika argitaratzen zuela zigilu ezagun horrek, “modan zegoen Espainian, Robert Wyatt eta abar argitaratzen zituen”. Hala, diskoa Madrilera grabatuta bidali, -“estudioan doan genuenez” dio Xabierrek IZ aipatuz-, eta zigiluak baietz esan zuen. Horren ondorioz, Emeak eta Arrak, 40 Principales irrati komertzialean ere entzun zen.

Kakik, artean, bere atal erritmiko nafar kutuna faltan botatzen jarraitzen zuen bitartean, taldea kasik desegingo zuen bigarren ezbehar bat pairatu behar izan zuten. Donostiako Belodromoan The Smiths arrakastatsuekin jotzeko prest zeudela, soinu frogak eta guztia eginda, talde ingelesa etorri eta ekipoaren aitzakia jarri ondoren, ez jotzea erabaki zuen. “Ez zegoela baldintza onetan esan zuten: gezurra”, dio Arkarazkok. Horrela, publiko handi baten aurrean jotzeko zeukaten aukera bakarra bertan behera gelditu zen, “aurreko egunean Madrilen jo zuten eta kristoren gaupasa egin zuten, eta aitzakia bilatu zuten ez jotzeko. Baina guk kristoren ilusioa geneukan. Oso kolpe gogorra izan zen”, azaldu du Montoiak. “Nik formazio horrekin bolo gehiagorik ez dut gogoratzen”, Kakik. Geroztik taldea desagertu egin zen, hilabeteak egon ziren entseatu gabe. “Hirugarren diskoa egiteko beste talde bat egin behar genuen Kakik eta biok”.

Zuloa

Arkarazok azkenik, lortu zuen oinarri erritmiko egokia Montoiak eta berak nahi zutena egiteko. Hala, Fernan Irazoki (bateria) itzuli zen, eta Artiedaren ordez, lehenengoak Mikel anaia gaztea ekarri zuen. M-ak-en zuzendaritza burubikoak jada bazuen nahi zuen formazioa taldearen ibilbidean giltzarri izango zen Zuloa lana grabatzeko. Taldeak garai hartan Atotxa futbol zelai zaharraren ondoan zegoen Fruta Azokan entseatzen zuen, eta bertaratu zen Mikel. “Pintxodun eskumuturrekoak zeramatzan”, gogoratzen du Kakik. Izatez akordeoilari zen, Artieda bezala, eta utzitako baxu batekin agertu zen. “Badakizkizu kantuak? galdetu genion. Ikaragarria, guk baino hobeto zekizkien”. Egun Miguel Boseren bandako zuzendari musikala da.

Eta hor finkatu zela “benetako” M-ak, “nabarmenki”, azpimarratu du Montoiak. “Zuloa egiten zein ondo pasatu genuen. Ohituta beste asperdura hartara, bat-batean formazio hori geneukan. Irudika zenezake zer zen oinarri haren gainean gitarra jotzea eta Montoiak abestea”.

Taldearen musikan, halaber, beste elementu berri bat eransten da, horren erakusle Milenioa. Esan ohi da Euskal Herrian egin den lehendabiziko rap doinua dela; estreinako erremix-a ere badela dio Kakik: “bobinak moztuta eta pegatuta dago eginda. Ez zegoen sanplerrik. Hartu hemendik hona, markatu, moztu, eta zeloarekin itsatsi.”
Hala, hirugarren diskoa grabatu baino lehen gure solaskideak oso jantzita zeuden estilo beltz horretan. Beranduago, eta Negu Gorriak-i esker, Euskal Herriko gazte asko Public Enemy-ren elastikoak jantziko zituzten. “Run DMC, LL Cool J., eta antzeko taldeak ziren, Public Enemy baino lehen, Sugarhill Gang, hasiera hasierako rap-a”, dio taldeko abeslari ohiak. Kakik berriz, errima eta erritmo beltzak bere Volvo zaharrean entzuten zituen, “NWA, Erik B & Rakim… gero Public Enemy”, zeinen Sophisticated Bitch grabatuko zuten 1990 urtean. Ezaguna da rap estiloak garrantzi handia ematen diela hitzei, eta M-ak taldean ere antzeko joera gertatu zen. Montoiaren hitzak gero eta zorrotzagoak bilakatu ziren, ironikoagoak. Ezin ahaztu baina, taldearen lan guztietan agertzen diren amodio eta desamodioko kantuak. Bikainak egun irakurrita ere. “Guztiek zuten mezua”, dio Montoiak. Nolanahi ere, letren izaera pertsonala nabarmendu du. “Garai hartan ez zen horrelakorik. Gure hitzek eta gainerakoenek ez zuten zerikusirik gehienetan”.

Izan ere, M-ak-ek zerikusi gutxi, edo ezer, zuen gainontzeko taldeekin. Lehen aipatu bezala, sasoi hartan Rock Radikal Vasco-a zen nagusi. Xabierrek, halere, gogoratzen ditu bertoko artista kutun batzuk: Saz Le Bolo, Jotakie, edo Alex Mendizabal.

Xabier, egon al zen saiakerarik RRVn edo Martxa eta Borroka kanpainan sartzeko?
Ez. Gu bitxikeria bat ginen, ez ginen existitzen. Gu sartu ginen kontu horretan, nolabait zirkuituan, Fermin Muguruzari esker. Bera etorri zen eta gustatu gintzaizkion eta hasi zen gurekin jotzen, Matxitxa sartu zenean. Matxitxa Itoizen managerra zen, Jotakierena, eta abar, eta berarekin hasi ginenean dena aldatu zen guretzat. Zirkuitu normalizatuan sartu gintuen, baina batez ere Fermini esker, edo Kortaturen laguntzari esker: gutaz ondo hitz egiten hasi ziren elkarrizketetan. Orduan jendeak gutaz zuen pertzepzioa zen gu marikoi batzuk ginela, marikonada bat, Wall Disney batzuk. Eta orduan Kortatu puri purian zegoen, eta Fermin la hostia zen. Ferminek esan zuenean M-ak gustatzen zitzaiola, besteek hartu gintuzten modua guztiz aldatu zen berehala.

Non jotzen zenuten Fermin ezagutu arte?
Ahal genuen tokietan. Adibidez BAP!-ekin jo izan genuen. Haiekin oso harreman ona geneukan. Gogoratzen dut Andoainen jo genuela, eta beldur handiz joan ginen, orduan modan zegoena zelako ttu egitea musikariei, eta gu ez ginen batere kontu horretan. Eta harrituta gelditu ginen, guk jo genuenean inork ez zigun kasurik ere egin. Denak egon ziren barran eta bi edo hiru lagun baino ez gu entzuten. Baina behintzat ez ziguten txisturik egin eta oso pozik geratu ginen. Eta ondoren hasi zen BAP! eta hura la hostia izan zen, jende guztia aurrera. Bad Brains, reggae eta hardcore amerikarra egiten zuten eta ni oso sartua nengoen estilo horretan. Ikusi nituenean “hauek onak dira” pentsatu nuen. BAP! errespetatzen nuen, eta beste talde batzuk: Ximaurra, Karkaxa, Ruido de Rabia, hardcore amerikarra egiten zutenak bai. Baina RRV guretzat zaborra zen, eta nire iritzia ez da aldatu.

Barkatu, Ama

Aldeko giro horren baitan -ganorazko oinarri erritmikoa, disko sendo bat, Fermin Muguruzaren aitortza, eta Matxitxari esker erdietsitako kontzertuak-taldeak gora egin zuen, eta goranzko joera horretan tontorrera iritsi zen hurrengo diskoaren eskutik: Barkatu, Ama (1989). Lan horretan formazioak bere horretan jarraitu zuen. Disko berriaren grabazioan, Zuloa-n bezala, haizeak erabili zituzten, soinuari beste ukitu bat emanez, batzuetan soul-agoa, beste batzuetan funky-agoa: Josetxo Silguero, saxoa; Mikel Valcarlos, tronpeta; Javi Silguero, tronpeta; eta Carlos Hipolito, tronpeta baxua. Guzti hori gutxi balitz, Fermin Muguruza bandaren zale izatetik parte-hartzaile izatera igaro zen, Bloody Mary kantuan ahotsa sartuz, horrek zekarren oihartzunarekin.

Zuloa-k duen garrantzia gutxietsi gabe, Kakik argi dauka haren ondorengoa dela M-ak-en lanik garrantzitsuena, batez ere, goian aipaturiko musikariek taldeari emandako egonkortasunari eta dimentsio berriari esker, “Barkatu, Ama kantua bera oso borobila da”. Era berean, lehendabizikoz, soinu teknikari eta ekoizle ibilbidean, “pixka bat” harro sentitu zen lorturiko soinuarekin. Aurreneko diskoetako soinuarekin ez zen batere gustura gelditu, “putamierda bat ziren, denak”. Disko honekin baina, argi pittin bat ikusi zuen: “gogoratzen dut Valdesek esan zidala, kasetea entzuten gindoazela: joder, hau dek gure soinua! edo honaino, behintzat, ez gaituk inoiz iritsi”.

Horrez gain, taldea oso une gozoan zegoen, disko horren sormen-prozesuan taldekideek inoiz baino kantu gehiago idatzi zituzten. Diskoan 15 kantu sartu, eta bi singleen B alde bezala plazaratu ziren: Dallas amaitu da eta Asko sufritu nuen. “Hitzak oso onak, ziren, Euskalduntzeko Metodo Arina, Opor guztietako zalantza…”.

Xabierrek ez du oso argi zein izan den berarentzat grabaziorik gogoangarriena: “Beharbada Barkatu, Ama, baina nire debilidadea Gor da, nahiz eta ez zitzaidan batere gustatu nola zegoen grabatua edo ekoitzia. Lan hori frustrantea izan zen bazetorrelako beste aldaketa bat: Negu Gorriakekin amaitu zen M-ak”. Kaki, izan ere, 1989an Irunekoekin zegoen (Kortatu 1988an amaitu zen).

GOR

Taldea zuzenean ondo olioztatuta agertzen zen. Gitarrak nagusitzen hasi ziren, lantzean behin Josetxo Silgueiro saxo jotzailearen laguntza izan arren. Horrez gain, musikari musikazale amorratuak ziren aldetik, haien bilakaeran estilo eta soinu berriak lekua hartzen hasi ziren, tartean hardcore-a, berriro hardcore-a, haize instrumenturik gabe. “Bai, hori bosgarren diskoan, Gor-en. Barkatu, ama, Zuloa-ren bidearen sendotzea da. Baina kantu batzuetan hurrengo aldiaren hastapenak ere nabaritzen dira, trantsizioko disko bat izan zen. Baina, klaro, bosgarrena ere trantsiziozkoa izan zen. Jendearentzat ez, baina niretzako bai. Pauso bat zen beste bide batean. Eta bide hori zen nik orduan entzuten nuena: Fugaziren hasierako diskoa, Minutemenen azkena, Hüsker Dü, Mission Of Burma, ni horiekin oso zaletuta nengoen”, dio Montoiak. Halaber, haizeak kanpoan utzi, musika beltzaren zantzuak desagertuz joan ziren, eta jatorrietara itzuli ziren. “M-ak musikazaleen talde bat zen. Beraz, gure gustuak aldatzen ziren heinean aldatzen zen M-ak”. Kakik, aldiz, argi du atzerako norabide hori akatsa izan zela, “Barkatu, Ama-ren ildotik aurrera jo beharrean”. Ekoizpena, gainera, “heavya” atera zitzaion. Diskoa erregistratzen duen formazioan bi aldaketa izan ziren: Valdesen perkusioak desagertu ziren rock formatu tradizionalaren mesedetan, eta Fernando Leizak Fernando Irazokiren tokia hartu zuen. Disko horrekin bira txikia, baina arrakastatsua egin zuten Galiziako Os Resentidos taldearekin. Talde osoa, bateria-jolea barne, lerro berean kokatzen zen agertoki aurre aurrean.

Horiexek izango ziren taldearen azkenengo arnasak: zenbait entsegu, hiruzpalau kantu berriren zirriborroak, eta akabo.

Ba al dago jakiterik zein izango zen M-ak-en hurrengo ildoa?

Montoia: “Bai. Jakin daiteke, edo behintzat nik buruan neukana: Hemen, nire bakarkako bigarren diskoa. Gor diskoaren frustrazioaren ondorioa da. Gor, Hemen grabatu nuen bezala grabatu nahi nuen. Nire lehendabiziko diskoan, halaber, M-ak-en garaian nik etxean sortutako kantak daude, pop kutsu gehiegi zituztenak, nire ustez M-ak-entzat balio ez zutenak.”

Kaki: “Jada hitz egiten genuen hortaz, musikarako dantzaz ari ginen, The Fall-e antzera, garai hartan hasi ziren funky pixka bat egiten, baita Gang of four ere, esperimentala eta funkya uztartuz. 90eko hamarkada hor bertan genuen. Gero hasi ginen saltoka Negurekin.”

DISKOGRAFIA
MMMM (IZ – 1984)
Kasualitatez-edo ikusi zuen argia diskoak, baina gordetzen dituen hamar kantuetan kasualitate gutxi dago, grabaketetan antzematen diren inprobisaziozko momentuetatik haratago. Etxean eta estudioan Kaki Arkarazok grabatutako pistei hamaika buelta eman ondoren Anjel G. Katarainek atmosfera ilun eta bereziz jantzi zituen, estudioa beste musika tresna bat bilakatuta. Cherry Red diskoetxeko pop minimalaren zenbait adibide ekarri zituzten Ia Ez Nabil bikainak, Arrebak edo diskoa zabaltzen duen Umeek kantuek, orduan Ingalaterran bide berriak jorratzen ziharduten Eyeless In Gaza, Ben Watt edo Durutti Columnen eraginez. Hurrengo diskoak astinduko zituzten erritmo dantzagarriagoak azaltzen hasten dira Txoriak Ezin Pausatuz kanta bikainean, eta jazz/bossa novara hurbildu ziren Kaixo jostagarrian. Argi Ilunetan da kantarik esperimentalena; anbientala, iluna, ahotsak hurbildu eta urruntzen dira, oihuak, hasperenak…tentsioa. Kasualitate gutxi.

EMEAK ETA ARRAK (Nuevos Medios – 1986)

Pop. M-ak taldea Talde bihurtu zen. Pop. M-aken kantak Kanta bihurtu ziren. Pop.
Hala ere, lehenengo diskoaren arrastoa ere badago. Hortxe dugu diskoa zabaltzen duen Gulliver zaharra abestiaren pop iluna, edo hasierako garaian sortua izan zen Putrea dantzagarri baina tentsoa. Baina orain, argi eta garbi, zuriek egindako musika beltza egitea da helburua, A Certain Ratio, Talking Heads edota Gang of Four-en irabiagailua erabilita. Oinarri erritmiko berriaz gain, Anjel Valdesen perkusioek laguntzen dute norabide berri horretan. Horren adibide, Ehun ginen, beren lehenengo arrakasta. Sintetizadoreek, giroen ordez ukitu jostagarria ematen diote. Ukitu edo Ikutu, izan ere, B aldea zabaltzen duen abesti horretatik aurrera, datozen diskoetarako arrastoa dago, funkaren alaitasuna, argia, lelo gogoraerrazak eta erritmo ipurterreak. Hitzek eta diseinuak eusten diote, ordea, hasierako iluntasunari.

ZULOA (IZ – 1987)
Orain bai. Lortu egin zuten elkartzea zulo berberean formazioa (Berako Irazokitarren oinarri erritmikoa), soinu ekoizpena, konponketak, hitzak eta, garrantzitsuena, abestiak. Aurreko lanean landutako bideak helmuga hau zuen, eta disko honek hurrengo diskoetarako abiapuntua ezarri zuen. Diskoak lehenengo segundotik hozka egiten du lepo erdian (Egunero) hitzetako zuzentasun eta argitasunarekin (metafora gutxi dago), eta musikariek erakusten duten trebetasunarekin. Ez baita ahuntzaren putza, teknikoki ere, Red Hot Chili Peppersen hasierako diskoak, Gang of Four edo hip hopa erreferentzia hartzea eta ukitu pertsonala ematea, indarrik galdu gabe eta dantzatzeko grina piztuz. Hip-Pop deituko diogu, bai, M-ak hasi baitzen rapeatzen Milenioa eta Jaungoikoa: Bat ala Hiru abestietan, beren eragin beltzei beste ate bat zabalduaz. Baina Sabelhiztuna bezalako kantu lasaietan ere badakite entzulea mugiarazten.

BARKATU, AMA (IZ – 1989)
Bi urte lehenago lortutako irabiakia ez zen bertan geratuko. Sakondu behar zuten bide horretan eta Barkatu, Ama-k biltzen dituen 15 kantuok izan ziren horren emaitza emankorra eta sendoagoa. Taldea eklektikoagoa da, edo, bestela esanda, erregistro berriak lantzen dituzte, betiere, sustrai beltzei eta beren nortasun bereziari bizkarra eman gabe. Entzun, bestela, nola bustitzen duten haizeek, perkusioek eta pianoak eragin latindarrez Txo, Isildu abestiaren rap-a eta funkya. Musika beltza rock eta hardcorerako bidean jartzeko Bad Brainsen eredua hartzen dute Munduan Zehar abiatzeko edo Opor Guztietako Zalantza izateko. Rockeroagoak dira Pistolaren Mintzoa, Eddie Cochrani eskainitako balada edo Asmoak Asmo zaratatsua. Desagertze bitxiak merezi zuen giro tentso eta misteriotsua lortzen du. Jazz-era eramaten du Prometeo Izagirre eta Negu Gorriak taldeari bidea erraztu zioten Bloody Mari, banpiroaren istorio rapeatuarekin. Azken batean, kanta bakoitzak istorio bat gordetzen dute musikan zein hitzetan.

GOR (IZ – 1990)
Formazio aldaketaz gain (oinarrizko rock laukote bihurtuta orain), beste norabide bat ematen diote taldearen estilo eta soinuari. Barkatu, Ama-k ekarri zuen aukeren aniztasunetik hardcorearena hautatu zuten. Horrelaxe ugaldu ziren lelo labur eta zuzenak (To, Gor, Bingo…) eta, hain zuzen, horrelako abesti bizkorrenetan asmatu zuten bete-betean, Bad Brains edo Hüsker Dü taldeei zeharka begiratuz, Paul McCartney edo Hamarkada Miresgarria, abiadura eta jarreraz ondo hornituak guztiak. Aurreko lanetako funky-aren aztarnak egon badaude (Ikusi Makusi eta Atzera Etxera) baina formazio aldaketak eta kantuek ez zioten hain ondo eutsi adar horri, nahiz eta kantu guztietan musikari guztien gaitasuna antzematen den. Produkzioak, soinuak, ere ez zien asko lagundu. Hala ere, hurrengo diskoa izan zitekeenaren norabidea azaleratzen du. Baina disko horrek argi eta garbi erakusten du musikari musikazale talde baten ezinegona eta arriskatzeko grina, beharrezkoa denean ere galtzaile ateratzeko prest.

julen azpitarte eta ibon rodríguez

entzun!
2010eko urtekaria
m-ak

komunikabideak

ahotsa, nire ibilbidearen atzerabegiratik
eremuak
2023-10-28
lau aukeraketa
pequeña antimateria
2023ko iraila
Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
hiru disko aukeraketa
mondosonoro
2013ko apirila
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria