dotorezia deserosoa

Café Teatro izan zuen oholtza zenbait urtez Iñigo Ugarteburu zarauztarrak, lagunez inguratutako bakarlari ibilbidea abiatu aurretik. Bere musikak transmititzen duen fintasun eta dotorezia deserosoaren jatorriaren bila abiatu gara, urrian Foehn zigilu bartzelonarrean argitaratu duen For the Unknown diskoa hizpide hartuta, Chicagoko jazz eszenako hainbat musikarirekin grabatu duena.

Soinuz eta atmosferaz batasun bat dago zure bakarkako eta Café Teatroren lanen artean, baina eboluzio handia dago atmosfera horien azpian. Zer aldatu da zugan, zer aurkikutza egin dituzu bide horretan?

Café Teatroz gain beste proiektu batzuk izan ditut. Aldi berean bakarka ere aritzen nintzen, eta bi disko ditut grabatuak, baina argitaratu gabeak, beste lagun batzuekin. 2005ean Londresera lekualdatu nintzenean, ia erabat utzi nion idatzi eta jotzeari; Carcáscara zen bizirik jarraitzen zuen talde bakarra, Café Teatroko Fernando Aguirre eta Xabier Iriondorekin.

Garai hartan gau eta egun entzuten nuen John Fahey eta Takoma izeneko bere zigiluko beste disko asko. Bestelako musika ere entzuten nuen, baina hilabeteak neramatzan soinu-ikerketatan oinarritutako proiektuak entzunez, muturreko frekuentziak, zarata, isiltasuna, elektronika eta abar, Artelekun Audiolabek antolatzen zituen (eta dituen) tailerrei esker. Orduan, John Fahey bezalako musikari bat aurkitzeak erabat hunkitu ninduen. Hamelingo txirulari hura bailitzan liluratu ninduen Faheyk, musika haiek guztiak biltzen zituelako gitarra huts batez. Terry Rileyri ere halako miresmena nion.

Baina, egia esan, lilura horrek ez du zerikusirik niretzat musika egiteak duen esanahiarekin. Denbora behar nuen instrumentutik urruntzeko, nire bidea bilatzeko gai nintzenean berriro ekiteko. Konplexurik gabe, gidoirik gabe, nire burua onartzeko eta errespetatzeko helburuarekin, nire musikan neu naizena islatzen saiatzeko. Norberak hitz egiten duenean ahots propioz hitz egin behar du eta. Asmatuz edota hanka sartuz, baina betiere, agerian utziz norbera dela hitz egiten duena.

Grabaketa prozesuan eta parte hartu duten pertsonek eta moduek nolako eragina izan dute kantuetan? Zer gertatzen zaie kantuei zure etxetik estudiorako bidean?

Gaur egun, beste pertsona batzuekin lan egitea ezinbestekoa zait musika egiten jarraitzeko. Ekoizpenaren esparruan murgiltzeko aukera ematen dit horrek. Talde batean zaudela, taldekideekin batera egiten dituzu konponketak, egiturak, erabakiak hartzen dituzu. Orain ezin dezaket halakorik egin, buruan ditudan gauzak ezin ditut praktikan jarri estudiora heldu arte. Batzuetan ondo doaz, besteetan ez; horregatik dira hain luzeak nire grabaketak. Nahiago izaten dut gauza asko gehitu gero ezabatzen hasteko.

Gitarraz eta ahotsaz gain, landa-grabaketazko biniloekin girotzen dituzu kontzertuak.

Colectivo Futuroko lagunen erakusketa batean pintxatu behar nuela-eta sortu zen ideia. Kontzertu bat balitz bezala planteatu nuen saioa, baina musika-tresnen ordez biniloak erabiliko nituen. Une oro bi binilo entzun behar ziren eta aldi berean soinuak gehituko nituen ordenagailuarekin, gehienez hiru kanal erabil nezakeelako. Terry Riley bera Thomas Ankersmit eta Tape, edo Novisad eta Pauline Oliveros entzun ahal izan zen. Eta hasi nintzen pentsatzen era horretan nahas nezakeela nire zuzeneko musika. Eta nire disko bilduma arakatzeari ekin nion. Oso aberasgarria suertatu zait orain arte. Jada ez nago bakarrik, badut zeri entzun jotzen ari naizela.

inigougarteburu.bandcamp.com
foehnrecords.com

ibon rodríguez

entzun!
2013ko urtekaria

komunikabideak

ahotsa, nire ibilbidearen atzerabegiratik
eremuak
2023-10-28
lau aukeraketa
pequeña antimateria
2023ko iraila
Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
hiru disko aukeraketa
mondosonoro
2013ko apirila
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria