haurrak jabe

Euskara zabaltzeko eta salbatzeko egiten diren ekintza asko eta asko ezerezean geratu ohi dira, hutsik daudelako barrutik, propaganda hutsa direlako askotan, eta aurrekontu bat zuritzeko aitzakia hutsa direlako beste askotan.
Euskal kanta zaharrak eta ahaztuak berreskuratzea beharrezkoa da (gaur egun ditugun baliabide teknologikoekin galdu ez dira galduko), baina lan hori afalosteetako errepertorioa eskuliburutara mugatzen da, eta eskoletan umeak musikara hurbiltzeko egiten diren ahaleginak Ranroberran, Pintto eta gurasoentzako liburuxkatara.
Eta umeek kantu horiek ezagutu behar dituzte, argi dago. Baina kantu horiei bizi berria eman ezean, kantuok hobe dute museotan, bizi berririk gabe hilak baitira.

Baina, zer gertatzen da ume bati kantu berri bat sortzeko proposatzen zaionean? Zer gertatzen da euskaraz kantatzen eta grabatzen badu? Zer gertatzen da egitasmo hori Euskal Herritik 1600 kilometrora gauzatzen denean? Erantzunak hitz bakarra behar du: Euskanta.

Halaxe da, Italiako hiriburuan jaio zen egitasmo hau, bertako Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteak (www.euskara.it) Erroman urtero euskara ezagutarazteko egiten dituzten hamaika ekintza interesgarriren artean. Euskara irakasteko programan txertatu zuten, hain zuzen ere.

Giuseppe Fusacchia eta Eromako V Circolo Didattico V. Alfieri eskoletara jo eta, bertako zuzendarien ezinbesteko inplikazio esker, 9-10 urteko umeei olerki bana idazteko eskatu zaie urterik urte, beren ama hizkuntza den italieraz, jakina. Elkarteko kideek olerkiok euskaratu eta umeei bueltatzen dizkiete, ahoskera lantzeko asmoarekin.
Ebakera ongi barneratuta, musika sortzeko unea dator. Ordenagailua lagun, instrumentuak aukeratzen hasten dira, eta ondoren inprobisatzeari, melodiak asmatzeari ekiten diote. Gustukoen dituzten zatiak aukeratu, moztu eta elkarteko kideak diren Alex Mendizabalek eta Marcelo Liberatok azken ukituak ematen dizkiete kantu guztiei, baita batasun harmoniatsu eta estilistikoa ere. Horrekin batera, umeek kantuak gogora ekartzen dizkien irudiak papereratzen dituzte eta horren guztiaren emaitzak Euskanta hartzen du izen.

2010ean disko hirukoitza kaleratu zuten, 2011n bikoitza eta 2012an sinplea (azken bi urteotan umeak bikoteka antolatuta). Kantuen jatorrizko hitzak eta itzulpenak biltzen dituzte lanek, baita kantu bakoitzaren euskara-italierazko glosategia. Modu horretara, urtero 50 bat umek, euskarazko kantu berri bana sortua du. Baliteke ume horietako asko bizitza osoan kantu gehiagorik ez egitea, baina guztiek izan dute aukera, beren berena den kantua egiteko, eta ez dute inoiz ahaztuko. Alzheimerrak ere ez omen die ahantzaraziko. Baina ez da hortxe amaitzen kontua: ume bakoitzak bere kantua sortu du, buruz ikasi du, kantatu du, baina bere kantuaz gain bere lagunik onenaren kantua ere ikasten du, eta ondoren diskotik gehien gustatzen zaizkionak, zaletu egiten da kantu horiexekin. Kantuak sortzea buru pribilegiatuek soilik egin ditzakeen ustea ezabatzen du.

Zirraragarria da CDan zein internet bidez (http://euskanta.wordpress.com/ helbidean dago material guztia) kantuak entzutea, zein adierazkor eta natural kantatzen duten, inolako artifiziorik gabe, inolako konplexurik gabe, aurreiritzirik gabe, melodiak korapilatuz eta askatuz, inprobisazioaren bidezidorretan gora eta behera. Ordenagailuarekin dago eginda musika guztia, baina analogikoan grabatu eta biniloan argitaratutako gauza askok baino arima handiagoa dute Euskantek. Kantu guztiei darie xarma berezi bat, baina aukeraketa azkar bat egitearren, une hauek nabarmenduko ditut: Goizean jaiki-ko oihuak (2011-1), Buizel atxilotu dute (2010-3), Basoa kiskaltzen eta Bidegabe nago (2012). Kantuen melodiak ezin hobeto uztartzen dira abiapuntu diren olerki eta marrazkiekin. Esaldi antologikoak daude nonahi: «Futbola da nire amodioa (…) Lazio nire taldea (…) Jolasten duenean zuhaitza biluzi, guk irabazi, hostoak hazi, guk galdu, hostoak jauzi», «Irakurtzea, denboraren kontra joatea, Nando lagunak ezin irakurri, bi hilabete ez du besterik», «Bota, bota telebista mandoa, tira, tira kortina, hautsi apurtu burua, ez zaizu ezer gertatzen», «Hodeiak ez dira ederrak (…) euri jasa eta lanbroa, baina elurrarekin jolasteko eskertu hodeiak. Hodeiak txoriburuak dira».

Inolako trasfondo intelektualekin aztertzea edo eragin musikalik ematea alferrikakoa litzateke, eta aipatu dudan naturaltasunaren ideiaren kontrakoa, baina diskoak entzutean The Residents bezalako taldeak etorri zaizkit gogora, ziur aski talde horrek umeek erakusten dituzten ezaugarri horiek guztiak biltzen dituelako. Edo Macromassa eta Fura del Bausen inguruko jendeak umeekin egindako Cantaires del Cadí disko zoragarria (zentzurik hertsienean eta onenean) edo Yoko Onorik distiratsuena.

Baina edozein delarik emaitza estetikoa, ederra litzateke gure eskola bakoitzetik disko bana ateratzea urterik urte, 2.0 (edo «niri 5.0») irakaskuntzak horretarako aukera ematen du eta. Musika izarren konstelazio ikaragarria dugu begien aurrean, baina itsu gaude.

ibon rodríguez

entzun!
2012ko urtekaria
euskanta

komunikabideak

ahotsa, nire ibilbidearen atzerabegiratik
eremuak
2023-10-28
lau aukeraketa
pequeña antimateria
2023ko iraila
Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
hiru disko aukeraketa
mondosonoro
2013ko apirila
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria