Miren Agur Meabe idazlea eta Ibon RG musikaria espreski bildu dira REC izeneko saio poetikoa gauzatzeko, eta Donostian eskainiko dute lehenbiziko aldiz. Alde batetik, poetak hogeita bost urtetan zehar landutako uztaren ale batzuk izango dira entzungai; beste aldetik, musikariak, bere estilo esperimentalaren bidez, grabazio baten hotsezko paisaia eraikiko du. Meabek bere ibilbidean nabarmendu diren gaiak sailkatu ahala, Ibon RGk kantu bihurtutakoak ere izango dira entzungai. Bi ahotsen topaldia eta kontrapuntua, memoria poetiko bati eusteko ahaleginean.
Miren Agur Meabek irakasle-ikasketak eta Euskal Filologia ikasi zituen eta irakaskuntzan eta testu-liburugintzan aritu zen urte askoan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia. Euskaltzaindiak euskaltzain osoa izendatu zuen 2022an. Euskaltzaindiaren idazkaria da, 2024ko azaroan izendatua. Kristalezko begi bat (2013) eta Hezurren erretura (2019) dira bere prosazko lan garrantzitsuenak. Amorante frantsesa (2025) du azken lana, poema bidez kontatutako eleberria.