olerkaria kantari ari da

Urtebete da Xabier Lete hil zela eta, ororen gainetik, oiartzuarrak idatzitako hitzak, olerkiak, berak kantatuak zein beste abeslari batzuentzat egindakoak, izan dira publikoaren oroimenean geratu direnak. Euskal literaturari Letek egin dion ekarpena sakonki aztertua izan da eta ekarpen horrek itzalpean utzi ditu bardoak sortutako musika eta horren gaineko azterketak. Gu Leteren musika, bere hautapen estetikoak, eraginak, zalantzak, kezkak, norabide aldaketak, interpretatzeko adierazkortasuna arakatzen saiatuko gara.

 Literaturari lotuta egin zituen Xabier Letek (Oiartzun, 1944 – Donostia 2010) bere ibilbide artistikoaren urrats guztiak. Areago, musika egiten kasualitatez hasi zela aitortu zuen behin baino gehiagotan. Ez Dok Amairu taldeko partaide zelarik, Benito Lertxundi gaixotu zen emanaldi baten atarian eta gainontzeko taldekideek oriotarraren lekua betetzera animatu zuten. 1966ko martxoaren 26an izan zen, Seguran. Ordurako gitarrarekin akorde batzuk jotzen zekien arren, ez zuen inoiz imajinatuko oholtza gainean kantari arituko zenik. Eta proposamenari baiezko erantzuna eman zion, Ez Dok Amairurekin eta beren helburuekin erabat konprometituta zegoelako. Kantu zaharrak eta kantatzeko modu zaharra berreskuratzea zen Ez Dok Amairuko abeslarien egitekoa eta, horrekin batera, hizkuntzari eta herri-kontzientziari eustea. Eta bide horretan, kantu berriak sortzea ere beharrezkoa zen.

Herriarekiko konpromiso ideologikoa handia izateak, baina, ez zekarren alde artistikoa alboratzea, horregatik alde estetikoaren inguruan kezka handiak zituzten taldeko kide guztiek. Jorge Oteiza izan zen taldearen gidari izpirituala, Quosque Tandem lanean egindako euskal arimaren estetikaren interpretazioa zela-eta. Liburu horrek Xabier Lete guztiz zoratu zuen, eta ordura arteko existentzialismoari nolabaiteko esentzialismoa gehitu zion, eta Ez Dok Amairuren sorreran partaide izatea konpromiso bezala hartu zuen. Kudeaketa lana egitea eta hitzak idaztea zen talde barruan hasieran zuen eginkizuna.

Ordurako, bazuen loturarik artearekin, antzerkigintza eta literaturarekin, hain zuzen. Eta bi diziplina horietan artearekiko zuen izaera kritiko eta zorrotza erakutsia zuen. Orduko antzerkigileen inguruan iritzi txarra zuen, ezjakinak zirela zioen, beste lurraldeetan egiten zen antzerkia ez zutela ezagutzen, eta eskasak zirela. Hortaz, oinarri kulturala, eta kalitatea ezinbesteko baldintzak ziren, oraindik ere, edozein arte diziplinatarako.

Artea ulertzeko moduaz, arteak gizartean duen funtzioaz hausnartu zuen, bere zeregina ez zen doakoa edo inozoa. Hasieran, egiten zuen guztiari azalpen bat bilatu nahi zion, zentzu logiko bat. Abeslaria eta entzulearen arteko harremanaz pentsatzean, argi zuen eszenatokian dagoenak izan behar zuela protagonismoa. Publikoan eragin behar du, pentsarazi behar dio. Baina garai batean bataila hori galdutzat eman zuen, eta publiko aurreko kantaldiak egiteari utzi zion 80ko hamarkada osoan. Berak zioenez, hasieran publikoa euskara entzutera joaten zen kontzertuetara, eta ondoren mitinetara joan nahi zuen (askotan isildu ere egin behar ziren lemak oihukatzen zirelako).

Eraginak

Baina lehenago, eta oharkabean gitarra eskutan eta agertoki gainera igo aurretik, Leteren egunerokoan bazegoen inguratzen zuen soinu eta musika mundu bat, bere kantagintza ulertzeko pistak emango dizkiguna. Kantautoreak zeuden, bai, baina, esaterako, berarekin lotzen zuten Bob Dylan edo Joan Baez bezalakoak zurrumurru hutsa ziren, ez zituen ia ezagutzen. Bere kantagintzarako eredu argiagoak ziren frantsesak eta katalanak. Inori ez dio ihes egingo Jacques Brel-en irudiak Leteren interpretazioak ikustean, ahotsaren indarra, esku eta ukabilen keinuek are indartzen zutena, begiradak, biok antzerkiarekiko eta gorputz-adierazpenarekiko zaletasuna islatzen zuten kanta bakoitzean. Ez zuen, bada, alferrik euskaratu eta kantatu Les Vieux, Les Timides, Au Suivant edo Ne Me Quitte Pas. Chanson francaise-ko beste abeslari garaikideen eragina ere jaso zuen, Leo Ferré, Jean Ferrat edo Charles Aznavour-en dotorezia eta sakontasun epikoa alde batetik, eta bestetik Georges Brassens handiaren sinpletasuna eta erritmo biziagoak (Langile Baten Seme edo Gizon Arruntaren Koplak). Hurbil iragana diskoan (1992) omenaldia egin nahi izan zion Brassensi Saturne kantua itzuliz eta egokituz (“San Martin, azken arrosa” izendatu zuen). Zuzenean Supplique pour être enterré à la plage de Sète ederra kantatu eta ezagutarazi ohi zuen, euskaratuta hori ere.
Ez Dok Amairu taldea sortzeko estimulua Kataluniatik ekarri zuten, eta Nova Canço mugimendu hartatik Lluis Llach eta, bereziki, Raimon izan ziren erreferentziarik handiena Leterentzat, taldeko beste kideentzat bezala: kantautorearen estetika eta sonoritatea (gitarra eta ahots hutsa, aldarriak, sakontasuna), musikarekin zituzten helburu politikoak eta taldean aritzeko beharra topagune izan ziren. Ondar Gorri, Ni Naiz, Nik Ez dut Amets Handirik edo Chile abestiak, gutxi batzuk aipatzearren, honen erakusgarri argiak dira.
Beste mugarri bat Paco Ibañezek 1964an Gongoraren eta Lorcaren hitzekin grabatutako diskoa izan zen. Literatura eta musika uztartzen zuen eredutzat hartuko zuen, eta horrela musikatuko zituen testu zahar eta berriak, esaterako Bernat Etxepareren Kontrapas edo Lizardiren Izotz Ondoko eguzki.
Euskal Herrian jaiotzen ari zen kanta berria ere, zalantzarik gabe, beste iturri bat izan zen, parez pare ari baitzen bizitzen Mixel Labegerie aitzindariaren urratsei jarraiki zitzaizkien Lourdes Iriondo (gerora Leteren emazte izango zena), Lertxundi eta abarren kantagintza. Haientzat idazten zituen hitzak, eta ondorioz giro eta musikaltasun horren bueltan bizi zen.
Bestela, orduko panorama osatzen zituzten melodiak Concha Piquer, Maria Callas, Antonio Machínenak ziren, baina baita Los Xey, bilbainadak, otxoteak ere. Ezer gutxi zegoen hortik kanpo. Bazegoen, hori bai, Leterentzat oso erakargarria zen musika-mota bat, elizkizunetakoa, euskal abesti zaharren sortakoak zein koralak eta operak. Elizkizunetako kutsu hori antzematen zaie, askoren artean, Nafarroa, arragoa eta Seaska Kanta piezei, euskal abesti zaharrena Izotz ondoko eguzki-ari.

Baina ohiko kantari eta musikariez gain, Xabier Leteren ebakera, ahoskera edota kantatzean zerabilen erritmoa baldintzatu zuten beste zenbait faktore musikal zeuden (musika zer den eta zer ez den bezalako eztabaida antzuetan ez gara jausiko). Alde batetik, Arantzazuko Aita Kaputxinoen euskarazko sermoiak entzunez liluratuta eman zuen denbora baliagarri izan zitzaion bere hots, erritmoak, errezitatzeko eta kantatzeko era eraikitzeko. “Sinisten dut” da horren eredu. Gauza bera esan daiteke Loiola Irratia bezalako irratietako esatarien doinua entzuteak Leterengan izan zuen eragina.

Bada, halaber, eragin musikalen beste esparru bat Leteren lan guztia mendean hartzen duena: bertsolaritza. Leteren diskografian leku handia dute bertsolarien hitz eta doinuekin osatutako diskoek: Valverde eta Lekuonarekin 1974an Bertso Zaharrak musikatu zituen eta 1976an Txirritarenak Valverderekin. 2001ean, bakarka zazpi diskoko sorta bat atera zuen Uztapide, Lazkao Txiki, Txirrita, Xenpelar, Bilintx, Xalbador, Basarri, Etxahun, Otaño eta Elizanburu.
Bertsoen disko horiek interesgarriak dira bertsolaritzan erabili eta erabiltzen diren doinuen bildumatzat har daitezkeelako. Hala ere, eta hitza beti gailentzen denez, musikalki luzeegiak dira kantuak, bigarren ahapalditik aurrera musikak pizten duen interesa desagertzen delako. Baina bertsolariek ere Leteri bere ekarpena eskertzen diote Leteren zenbait melodia propio erabiliz, “Habanera” edo “Teologia, Ideologia” ezagunenak.

Oso gaztetatik, aipatutako klasikoak gozatu ahal izan zituen bere herriko plazan eta inspirazio iturri izan zitzaizkion, bertsolarien manerak ere oso presente daudelako bere kantutegian, eta ez soilik hitzen zentzu eta esanahiagatik, edota disko horietako bertsio hutsengatik: bertsoen erritmoak, neurriak, errimak islatzen dira Leteren kantu askotan, kantatzeko eran, mezuak eskatzen dion doinura joaz. Leteren kantu propioetan islatzen dira ezaugarri horiek, neurri handi batean, Letek bertsoak musikatzeko zerabilen modu berean sortzen zituen kantuak: hitza idatzi eta ondoren musika gehitu, hitzaren erritmoa, neurria, ebakera musika baino gorago jarriz; izan ere, Leterentzat musika hitzentzako lagungarri bat zen, osagarri bat. Hitzak zuen garrantzi handiena kantu batean. Horregatik ez zuen kantagintzarako bokaziorik izan hasiera batetik, bere taldeko beste kideek ez bezala, idazlea zen ororen gainetik. Bere hitzetan, kantu bat hauxe zen: “testo bat, interesgaria, musika bat, eta kantatu”. Eta kritikatzen zuen ondorengo belaunaldientzat testua gauza autonomo bat zela, ahotsaren bitartez esateko zerbait, mezuari garrantzia kendu zaiola eta musika alderdia gehiago landu dela. Baina zer da musika, musika ez bada? Zein da, bada, diferentzia Lete eta Laboaren “Izarren Hautsa”-ren artean?

Idazle bokazio horrek, musikarekin kontaktuan jartzean, zenbait zalantza eta hausnarketa sortzen zizkion, abestitzek eta olerkiek barnean daramaten berezitasunak zirela eta. Hitzak idazterakoan bertsolarien estiloa bere egin nahi zuen, joera diskurtsiboa alde batera utzi nahi zuelako, eta konkrezio eta argitasunaren bila abiatu, kantu batean ez baitago astirik gehiegi luzatzeko, kantuak perfektua izan behar duelako, ez baitago astirik gorabeherak izateko. Bere hasierako kantu existentzialistak kopeta zimurtuta kantatzen zituen bitartean, bertso zaharrei beste aldarte batekin ekiten zion.

Instrumentazioa
Bere iritziz, ez zituen abeslariaren dohairik biltzen, ez ahotsik, ez erritmorik, ez trebetasunik; parametroetatik at zegoen. Orduan bakoitzak egiten zituen bere hitzak eta bere musika, modu horretan abestiak oso “bereak” aterako zirelako, kanpoko interferentziarik gabe. Baina ez zen instrumentista ona. Teknikarik ez izateak indarra zekarkion, bat-batekotasun handiko kantuak sortzeko. Gitarra eta ahots hutsean arituko zen.
Baina gero iritzi hori aldatuko zuen eta, beste edozein esparrutan eskatzen diren ezagutza, trebezia eta lanabesak premiazkotzat jotzen hasi zen, bere ustez ahalmen mugatua baitzuen, harmonia bezalako esparruetan murgiltzeko. Bakarka ibiltzeak eragozpen gehiago zuen, besteen laguntza gutxi, musika ederra bururatu arren, instrumentuz hornitzeko aukerarik ez. Darwinismo artistikoa deitzen zion: egin dezala bakoitzak ahal duena.
Modan zegoen zakarkeria eta destrebezia, eta horri eusteko animatzen zuten, baina bera ez zen Brassens. Itsusiaren eta oihuaren moda, musikaltasunaren eta fintasunaren kaltean. Eta horixe egotzi zion Ez Dok Amairuri, ahulezia estetikoa, primariotasuna, baliabide gutxirekin aritu zirelako. Ez omen zen lanerako bide ona.
Orduan, 1978ko “Lore bat, Zauri bat” diskoan Antton Valverderen pianoak eta sintetizadore-teklatuak presentzia handia dute. Valverde zen inguruan zeuden abeslarietatik musikaz jantzien zegoena. Imanolen lan fina eta instrumentazioa ere miresten zuen, alde horretatik. Elkarrenganako miresmena eta eragina zioten.
1990ean beste bide bati ekin zion, gitarra baztertuz, eta Karlos Gimenezen esku (Imanol, Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorenarekin ere ibilitakoa) utziz harmonizatzeko lan guztia.
Azken urteetan gehien maite zuen musika herrikoia zen, malenkonia eramaten zutelako bere arimara: herrikoi euskalduna, korsikarra, siziliarra, armeniarra…. Eta, bere ibilbideari begiratuta, utzi digun ondarea herrikoitu da, alde batetik zenbait kantu gogoangarri eta bestetik bertsolarientzako doinu bilduma trinkoa utziz.


Diskografia:

1968 – Xabier Lete (EP)
1969 – Xabier Lete (EP)
1969 – Lourdes Iriondo eta Xabier Lete (EP)
1974 – Xabier Lete
1974 – Bertso zaharrak
1976 – Kantatzera noatzu
1976 – Txirritaren Bertsoak
1978 – Lore bat, zauri bat
1991 – Eskeintza
1992 – Hurbil iragana
2001 – Berrehun urtez bertsotan (7 LP)
2004 – R.M. Rilkeren «Orduen liburua»

ibon rodríguez

entzun!
2011ko urtekaria

komunikabideak

Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria