perla bila

Lekua: Donostiako Kursaalean. Eguna: Ekainak 6.

Erraza da pentsatzea perlez betetako errepertorio batek kontzertu garaiezina bermatzen duela. Baina ez du zertan. Galde diezaiotela, adibidez, egunotan Brian Wilson Pet Sounds jotzen ikusi dutenei. «Beti kantuaren alde», diote beste batzuek, baina kantuak behar du zeri eutsi oskoletik ateratzen denean, urteak pasatu ahala behinolako grabaketa hark bizi berria har dezan, joaldi bakoitzean ñabardura berriak beregana ditzan.

Astelehenean Elvis Costellok bakarka eman behar zuen emanaldiari duela 40 urteko diskoei oraindik darien energiarekin eta intentsitatearekin ekin zion, distortsio, loop eta oihartzunez betetzeko aretoa Hurry Down Doomsday-ren bidez. Eta I Want You narrasak azken arnasa eman arte, energia, sakontasun eta determinazio berberarekin eutsi zion show osoari. Show itxura hartu baitzuen denak argiak itzali zirenetik. Costello taularatu aurretik, Monkey to Man festazalea eman zuen agertokiaren atzealdea betetzen zuen zahar itxurako telebistatzarrak, halako late show baten atarian bageunde bezala. Eta sentsazio horrek hartu ninduen kantuen arteko bakarrizketa luzeegietan, emanaldiaren erlojua ia hirugarren ordura eraman arte.

Baina sentsazio hori ezerezean geratzen zen kantuan hasten zen aldiro. Aukeratutako perlak sasoi betean eman zituen, ahotsa 2013ko Zurriolako kontzertuko urradurarik eta nekerik gabe; aratz, indartsu une gorenetan, eta samur eta hauskor biluzienetan.

Biluzi egin zituen kantuak, berri eta zahar, eta horrela azalarazi zituen kanta bakoitzaren ezaugarririk sakonenak. Kantuoi bandak eman ohi dien blues, jazz, reggae, new wave, folk, pop mozorroa erantzi, eta, hain justu, ezaugarri horiek indartu ziren biluztean. Gitarrarekin zein pianoarekin. Bi tresnekin fin, dotore eta sotil, Costelloren konposizioek uztartu ohi dituzten akorde bihurriak korapilatzen. Gitarraz I Can’t Turn it Off —erpuruaz jotzeko duen manera berezi horretan—, Accidents Will Happen, Ascension Day —Allen Toussainten omenez—, Church Underground, Watching the Detectives —banda oso batekin baino oldartsuagoa—, Almost Blue, Alison —jende artean, entxuferik gabe—, Nat King Colen Walking my Baby Back Home. Pianoaz, Face in the Crowd, American Mirror, Side by Side.

Eta halako batean, kontzertua amaituta zegoelakoan, publikoan ostenduta egon zen Steve Nieve (The Atractions, Madness) pianista trebeari deitu zion Shot with his Own Gun eta Talking in the Dark jotzeko, Costello crooner rolean patioko butakan jarrita.

Kontzertuaren erdian, Shipbuilding jo zuen pianoaz. Munduko kanturik onena iruditzen zait Robert Wyatten ahotsean entzun nuenetik, eta aukera dudanean saiatzen naiz esaten —ikus dezakezunez—. Kantuak amaieran dio uretan murgiltzen garela bizirik irauteko, nahiz eta perlak aurkitzeko murgildu beharko genukeen. Segi dezala bere itsasoko perlak harrapatzen eta zaintzen.

ibon rodríguez

berria
2016-06-08

komunikabideak

Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria