lurrazpia laugarren solairuan dago

Aroztegiko karraka mozketa betean ari da, galdategiko zalia iraultzen, inprentako kopiagailua loop etengabean, karrozeriako konpresoreen ufadak laugarren solairutik aditzen dira. Horixe da Le Larraskito Klubeko eraikina goizetik arratsera inguratzen duen musika. Gauetan darion hotsa ere anitza eta joria da. Makinak eta gizakiak, nor baino nor artistago.

Le Larraskito Kluba artistentzako oholtza da, baina han ez da tranpaldorik; entzulea eta artistak aurrez aurre daude, zentrimetro eskas batzuetara. Artistak ikusleari begietara begiratu ahal dio; publikoak artistari ere, atzean duen lehiotik sartzen den plastikozko Bilboren panoramikak itsutzen ez duenean.

Sei urte dira Miguel A. García soinu-artistak estudiorako lokal hau alokatu zuela, beste kide batekin batera. Zoruan hormigoi biluzia; paretetan, sukaldeetarako azulejo zuriak. Besterik ez, baina aski buruan zituen ideiak gauzatzeko.

“Larraskitura joan aurretik ere kontzertuak antolatu ohi genituen, baina bestelako testuinguruetan; askotan ez ziren oso leku aproposak egitasmo batzuetarako, ostalaritzarekin lotuta zeudelako. Halakoetan zarata handia egoten da inguruan eta arreta txikia. Interesa nuen entzuteari bideratutako leku bat sortzeko, baina auditorioen testuinguru instituzionaletik urrun. Testuinguru autogestionatuetan, ordea, ez zen halakorik existitzen; kontzertuetako espazioak egon badaude, baina jaiarekin edo aisialdiarekin lotuagoak. Gurean ere edan eta disfrutatzeko aukera dago, baina egiten den proposamenari jaramon eginez, eserita, auditorio bat bailitzan… hibridoa. Bestalde, bitartekaririk gabeko espazio bat nahi genuen sortu: askotan energia gehiago gastatzen da espazioko jendearekin hitz egiten, ekipoa lortzen… lan asko, desgaste handia. Auditorio autogestionatua, esperimentaziora bideratua, baina eboluzionatzen duena.”

Eta horrela abiatu zen Le Larraskito Kluba, 2008ko abuztuaren 8ko 0. gauarekin. “Ixiluneen entzunaldia” zioen kartel hartan Yuaf, Joseba Irazoki, Edorta Izarzugaza eta Oier I.A. ageri ziren. Diskrezioz jokatu nahi zuten; ez zuten auzokideek entzun zitzaten nahi. Baldintzetara egokitzeko beharrak emaitza artistikoan eragingo zuena kitzikagarria zen. Bolumenak apala behar zuen, eta akustikoki eta formalki bestelako aukeretan barneratzera behartu zituen artistak; baita publikoa ere.

Hortik dator, akaso, Le Larraskituko saioetan sortzen den errespetuzko eta atentziozko giroa. “Jendea isilik eta entzuten egoten da, harrigarria da, errespetu handia dago. Ez dago barrarik, hozkailu batetik hartzen du edaria nahi duenak.” Sei urteotan lortu da ikuslego finko samar bat biltzea, joko duen artista nor den jakin gabe etortzen dena. “Alde txarra ere badu horrek: ia beti berdinak izaten garela. Baina esparru guztietan hala gertatzen dela uste dut, antzerkian, dantzan edota operan”.

Azken hitz horiek Oier Iruretagoienarenak dira, egungo programazioaz arduratzen den kideetako batenak. Sei urteotan hainbat izan dira programazioan ibili diren lagunak eta emaitza artistikoan isla izan du bakoitzaren esku hartzeak. Hasierako garaian, elektronika esperimentaleko proposamenak izan ziren nagusi; ondoren, soinu organikoagoekin lan egiten duten artistak, eta gaur egun, arte-diziplina gehiago uztartzen saiatzen dira. “Nire asmoa da eremu edo diziplina ezberdinetako jendea biltzea saio bakoitzean. Nahiko nukeena da, adibidez, sekula musika esperimentaleko kontzertu batera etorriko ez litzatekeenari musika esperimentala entzuteko aukera ematea, bestelako esparruetako artistak programatuz -bideogileak edo erakusketak-. Modu horretan, artean interesa duen jendea erakarri ahalko da musika esperimentalera, eta alderantziz.” Miguel A. García iritzi berekoa da: “Txokatzen nau publikoaren izaerak. Oso publiko kuriosoa da, jakin-mina du. Artearekiko sentsibilitatea du. Eta era berean, harritzen nau gutxi direla musikaren mundutik datozenak. Errazago topatuko dugu antzerkiarekin edo eskulturarekin zaletua den norbait musikarekin baino, Le Larraskito Klubaren testuingurua soinuaren ingurukoa izanik nagusiki. Jakina, ahalegin berezia eskatzen dio musikazaleari laugarren solairu bateraino igogailu gabe igotzeak…”

Eta zer da Le Larraskito Kluba edukiz betetzen duena? Bada, programatzaileen askatasuna eta ausardia. Horregatik, gau berean entzun dezakezu elkar ezagutzen ez duten tronpeta-jole baten eta akordeoilari baten arteko inprobisazio bat, anplifikagailu baten akopleez egindako saioa, cello-jole bat eta dantzari baten artekoa, partitura multzo baten azalpena, artistak batek berak diseinatu software batez sortutako lana edota bideo-egile baten azken lanen aurkezpena. Batzuetan, artistak dira lekutxo bat eskatzen dutenak, biran daudelako -mundu oso artistak izan dira bertan-, baina Le Larraskitok ere erronkak planteatzen dizkie artistei, konbinazio edo emanaldi bereziak proposatuz. “Batzuek lehenengo aldiz jotzeko aukera izan dute: Mursegok, Inazio Eskuderok (hemen aurkeztu ditu azken urteotako pieza gehienak). Bestela, formazio batzuk hemen bakarrik gertatu dira, hemen sortu eta hemen hil”.

Emanaldiak iragartzeko kartelak asko zaintzen dituzte. Raul Dominguez artistak egiten zituen hasierako guztiak. Ondoren Oier hasi zen beste artista batzuei erronka jartzen. Badago afitxen bilduma egiten duenik. “Kaleko kartel funtzionatu egiten dute: beti dago baten bat ezezaguna dena, oso giro familiar eta lagunarte finkoa izaten den arren”.

Larraskitu tailerrak egiteko gune ere izan da. Inprobisazio askearen ingurukoak, musika-tresnak eraikitzearen ingurukoak eta abar. Sasoi batean, astean behin inprobisazio irekiak egin genituen, ostegunero. “Poliki” izeneko inprobisazio kolektibo irekia egin zuten behin. “Hiru egunez jardun genuen, Le Larraskitotik atera gabe, bertan bazkaltzen-eta, elkarrengandik ikasteko, probatzeko eta esperimentatzeko gogoa genuen. Kanpoko jendea etorri zen (Barna, Madril…)”.

Etorkizunaz ez dute aurreikuspenik: kideen erritmora funtzionatu izan du beti. Areago, sei urteotan hiru aldiz esan dute bertan behera utziko zutela (agur jaiak eta guzti), baina beste hainbat aldiz berrartu dute egitasmoa. “Harritzen gaitu egitasmo honen moduko gehiago sortu ez izanak, gauzatzeko hain kontu egingarri eta erraza izanik. Bafle pare bat eta espazio huts bat. Ekonomikoki ere, sarrerako diruarekin estaltzen ditugu gastuak, jotzera etorri diren guztiak konforme izan dira eskaini ahal ditugun baldintzekin. Ez dugu dirulaguntzarik eskatzen eta horrek askatasun handia ematen digu gure erritmora eta gogora antolatzeko.” Etorkizuna hurrengo kontzertua da.

http://clublelarraskito.tumblr.com/

ibon rodríguez

entzun!
2014ko urtekaria
le larraskito kluba

komunikabideak

Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria