elektronikaren infrauhinetan nabigatzen

Musika elektronikak eta musika kazetaritzak gurean izan duten albisterik pozgarrienetako bat izan da UHIN fanzinearen sorrera. Eszenan (edota eszenetan) borborka eta ezkutatuta daudenei ahotsa eman nahi diete Yeray Portillok eta Antton Iturbek; biak ala biak UHINeko sortzaile, koordinatzaile eta erredaktore. Lehenengoarekin hitz egin dugu proiektuaren ingurukoez.

Zerk eraman zaituzte UHIN sortzera?

Antton eta biok Mugako jaialdiaren lehenengo edizioan ezagutu genuen elkar. Komunikabideen arloan musika elektronikoaren eszenak duen gabezia asetzea da helburua, eta guk geuk eszenari ekarpena egiteko sentitzen dugun beharra. Elkarlana fanzine baten batean gorpuztea erabaki genuen. Ez Euskal Herrian, ez penintsulan, oso urria da elektronikaren eszena ardatz duen komunikabide idatzien kopurua. Nik neuk denbora luzea daramat eszenan murgilduta eta, jarrera ozpindu batetik agian, urteak pasa ahala ezkorragoa naiz egoerarekin. Gero eta gutxiago idazten eta irakurtzen da. Ez soilik Euskal Herrian; globala da atzerakada. Sare sozial eta bestelakoei esker goraipatu egiten diren produktu eta dj-ak duela zenbait urte ez ziratekeen, nire ustez, onenen artean sailkatuko. Promozio eta marketina bikain erabiltzen dutelako goraipatzen zaie. 

Apurka-apurka, elektronika freskotasuna galduz joan da, eta kapitalismoa, ordea, irabaziz joan da. “Infoxikazioa”, gehiegizko informazioa, eta zabalkunde-bide guztiak direla-eta, zailagoa da ikuspegi objektiboagoa lortzea hautuak egiteko. Orduan, 80 eta 90etako fanzineetan oinarrituta, mainstreametik urrundutako informazioa eskaintzea otu zitzaigun. Oharkabean pasatzen diren argitalpenak aintzat hartuak izan daitezen; ematen baitu egun batetik bestera lurrundu egiten direla. Erritmo motelean izan arren, egin egingo dugu.

Musika elektronikoa oso kontzeptu zabala da. Zerk izan dezake lekua fanzinean eta zerk ez? 

Berez, grabaketa sisteman elektronikak nola edo hala eragina izan badu, horrexeri musika elektronikoa dei dakioke. 

Estilo baino, erreminta moduan ulertzeko dugu guk elektronika. Artistari, ezagutza akademiko eta trebezia teknikoren beharrik gabe, bere irudimenez eta ausardiaz, soinu berri zirraragarriak sortu eta haiekin esperimentatzea ahalbidetzen dion tresna mugagabea dela deritzogu. Parametro horietan mugituz, etekin komertzial hutsa eta azkarra bilatzen ez duen edozein musikak lekua du UHINen.

Guri gustatzen zaiguna sartzen da fanzinea, eta horren arabera, kolaboratzaile bati edo besteari proposatzen diogu idazteko, nahi duenaren gainean, haien backgrounda ondo ezagutzen dugulako. Guk koordinatu egiten dugu. Aukeraketarekin bagoaz zedarritzen zer den guretzat musika elektronikoa. Gurean sar daiteke bai arte sonoroa, bai abangoardia artistikoak, erritmorik gabekoak zein pistan dantza egitekoak. Kolaboratzaileentzat kalitate minimo subjektiboak betetzen baditu, sar daiteke. Chicagoko Housetik musique concrètera. 

0. alea 2018 honetako ekainean sareratu duzue. Zein maiztasun ezarri diozue zuen buruari? 

Oraintxe bertan, lehenengo alea izango den horretan dihardugu. Apur bat berde dago oraindik, Antton eta biok egunerokoak janda gaude eta, baina azaro-abendurako prest beharko luke. Nik nahiko nuke urtean 3 ale plazaratzea. Baina perfektua litzateke urtean 6 izatea. 

Bernard Parmegiani edota Principe Discos zigiluarei buruzko erreportajeak, Bizkaiko bost emakume musikarirekin mahai-ingurua, elkarrizketak edota tutorial bat zekarren 0. hark. Finkoa al da egitura, ala atal gehiago gehituz joango zarete?

Atal finkorik, berez ez, baina kritikak eta iruzkinak egiteko atal bat sortuko dugu; hilabeteko azken gomendioen aukeraketa chart erako zerrendak. Izan ere, hainbeste jende koordinatzea lan handia da.

Elkarrizketak bai, beti egongo dira. Oso hurbil ditugun artistei ahotsa eman nahi diegu, eskura ditugulako esanguratsuak direlako eta inportanteak. Joaquin Mendoza Sebastianen tutorialak ere jarraituko du (software libre erabiliz musika konposatzeari buruz). Kolaboratzaileekin jarraitzea, eta handitzea maiztasuna.

Kritikek ze enfoke izango dute?

Diskoei eta kronikei dagokienez, nik nahiago izaten dut goraipatu goraipagarria dena, eta sustatzea, eta isiltzea edo jaramonik ez egitea gustatzen ez zaigunari. Jarrera, jokaera eta joera komertzialak kritikatzearen oso aldekoa naiz, lanaren eta zintzotasunaren. Horrek ez du esan nahi, aipatzen ez duguna ez zaigula gustatzen, baina ildo hori sustatuko nuke.

Zer galduko luke eszenak Uhin gabe?

Ba agian, zoritxarrez edo zorionez, deus ere ez. Guk gure ikuspegia eman nahi dugu eta gustatzen zaigunarekin enpatizatu. 

Nik uste oso gauza potenteak daudela eszenan eta ez direla lantzen. 

Lehenengo alean, Tunipanea bezalako pertsonaia borrokalari eta bilatzailea, soinu aukera berriak bilatzen etengabe bere instrumentuetan, hemen dugun -eta penintsulan- luthier esperimentalik onena. Eszenak halako pertsonaia ilustreak oharkabean galdu ahal ditu. Uste dugu gurea bezalako ekimenei esker, berak ematen dituen hitzaldiei esker eta modu undergroundean bera mugitu daitekeenari esker ezagutu dezakeela jendeak. Horrelakoek lekua behar dute, haien ahotsa entzun behar da, gaitasun harrigarria dute eta. 

Gehien harritu ninduena Madriletik itzuli nintzenean esperimentazio eta arte sonoroaren eszena izan zen. Inguruan ez dago, gure lehenengo alean bezala, lau emakume esperimentatzaileei lekua eman zaien lan idatzik (Itziar Markiegi, Garazi Gorostiaga…). Hurrengo alean Pica Records-i buruzko elkarrizketa mamitsua dator, noiseari buruz sekulako egiak aipatzen dituena. Uste dut komunikabide libreak behar direla, iragarki edota diru-laguntzen menpe ez daudenak, horrek diskurtsoa baldintzatzen du eta. Hau irakurtzen duen orok har dezake parte fanzinean.

Zein erreportaje irakurri nahiko zenuke UHINen?

Esaterako, Gasteizen eszenako parte dire nesken inguruko erreportajea. Generoa landu eta aldarrikatu behar da fanzinetik. Tamalez, mikromatxismoz josita daude eszena guztiak, baita pistako elektronikan ere. Gainditu beharreko kontua da. Zerogarren alean bost emakume horiei egin nienaren modukoa egin nahi dut, bai Gasteizen, bai Madrilen…

Elektronikaren pertsonaia esanguratsuenei eta eskuragarrienei egitea ere ezin interesgarriagoa litzateke. Suso Saiz, Macromassako jendea, Esplendor Geométrico, Madrileko underground indutrialeko hainbat (Mecánica Popular), Alberto Bernal, Katarina Gurskako jendea…bigarren plano batean geratu ohi den jendea. Llorenç Barber… jende asko.

Zein publikazio izan duzue jomugan UHIN abiatzerakoan?

90etan ez zegoen gaur bezain eskura informazioa, eta informazioa zabaltzea zen premia handiena. Orduan ugariak ziren fanzine erako aldizkariak. Ni black metalaren eszenatik natorrenez, Crime Is In The Gattle Chronique, Bloody Zine edo beste hamaika argitalpen. Fanzineak estu lotuta egon dira autogestioarekin, horregatik Ekintza Zuzena edo txikiagoak ere eragina dira.

Gogoan dut, halaber, Clubbingspain. David Puentek jarraitzen du gurekin kolaboratzen. Webzineak ere: planeta modular, Contacto Sintético (foro bat zen) eta bestelako harreman-guneak.

Gurean musikaz irakurri ohi duenarentzat ezaguna du Anttonen jarduna. Zeuk ere, musika egin eta Eclectic Reactions zigiluan ekoizteaz gain, idatzi izan duzu?

Ni neu Crime Syndicate Chronicles, Bloocifery, Lokomotorra (Alonsotegiko Gaztetxekoek ateratzen zutena), Tas Tas irratiko La Hora del Kaos, El Hombre y la Máquina. Beti izan dut gustuko idaztea eta irakurtzea.

Anttonek Berrian, Mondosonoro, Tiun. Eskarmentu zabala du. 

Euskarazkoa da Anttonen lehenengo artikulua. Hizkuntzaren inguruan hausnartu egin duzue, ezta?

Kolaboratzaileak erabakiko du bere hizkuntza. Poz pozik hartuko genituzke katalanez, polonieraz eta beste edozein hizkuntzaz idatzitakorik. Kolaboratzaileen esparru geografikoa ere zabala da: penintsula osokoa, hegoamerikarrak… Gure zirkulukoa, printzipioz. Oso askea, baina ikuspegia argi izanda, eta Antton eta nire galbahetik pasatua.

Printzipioz, euskarazko testuentzat ez daukagu gaztelaniazko itzulpena gehitzeko asmorik, eskakizun zehatzik jasotzen ez badugu behintzat. Nahiago dugu modu naturalean atera, idatzi eta irakur daitezela, ganoraz bigarren eskuko gaztelaniazko bertsio eskasak aukeratzearen ordez.

Proiketu hau abiatu baduzue, ondorioztatzen dut zuentzat osasun oneko dagoela eszena. Oker al nago?

Egun bakoitzean aldarte ezberdinez ikusten dut panorama. Atzo esan niezazukeen hekatonbe hutsa dela, itzalaldi digitala desiratzen dudala, baina gaur baikorragoa naiz. Duela gutxi arte, 90etako ideia erromantikoarekin bizi izan naiz; hau da, eszena osatzen dutela publikoak, medioek, zigiluak, artistak eta aretoek. Baina hitz egin dezakegu eszena ezberdinez, bikoiztasunaz, Myriamek mahai-inguruan aipatzen zuen bezala. Oso gauza interesgarriak ekoizten dira lurralde osoan, esparru guztietan. Zaila da guztiez informatuta egotea, infoxikazioa da nagusi. Nire ustez desiragarriena litzateke publikoa inplikatzea klubetik hurbilen dagoen eszenan.

Ea kontzertuetara modu festibotik harago hasten garen joaten, militatzera, ea erosten diren bertako ekoizpenak, eta ea uzten diogun edozein gauza irensteari eszenatokian egote hutsagatik. Hori ederra litzateke. Orain arte, txantxak edo iruzurrak tamaina handi hartu du.


Zer dela-eta?

Jende asko leku pribilegiatuen jabe da arriskurik hartu gabe, ez exekuzioan (eta ez naiz teknikaz ari), ez intentzioan. Zenbait lokalen programazioa halakoa da. Bai publikoa, askotan badirudi adiskidetasunagatik joaten dela asko kontzertuetara, eta ez sonoritate edo esperientzia berriak deskubritzera. 

UHINek ahotsa eman nahi dio komertzialtasunak eta kapitalak gutxiesten duen horri. Gehien saltzen diren diskoak dira ondoen promozionatzen direnak, DJ estimatuenak lagun gehien dituztenak dira… eta abar. Baina horrelako asko dagoen bitartean, beste aldean, gauza interesgarriak tonaka daude gure inguruan. 

Argia dago. Eta beti egongo da.

ibon rodríguez

entzun!
2018ko urtekaria
uhin

komunikabideak

Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria