art brutus

2005eko uztailaren 5a. Bilboko Kortes kaleko Pulimentos del Norte lokala. Billy Bao taldeak hogei bat minutuko rock zaratatsuko kontzertu bortitza egin zuen. Bonba baten moduan egin zuen eztanda Bilbo erdian, baina bereziki Álvaro Matilla izeneko mutil baten buruan. “Neuk ere hori egin ahal dut” pentsa zezakeen, baina “neuk ere hori egin NAHI dut” pentsatu zuen.

Bonbak orduan egin zuen eztanda, baina metxa aspalditik zegoen piztuta. Ziur aski, laurogeiko hamarkada erditik, eskolatik bueltan marrazki bizidunen ordez Lou Reeden No Money Down bezalako bideoklipak ikusten zituenetik, telebista publikoetan. Huraxe eta The Cure, Talking heads, The The eta beste asko. Orduan hasiko zen musikarekin zaletzen, eta zerbait esateko gogoa sentitzen.

15 urte bete berritan hasi zen ikusi ahal zituen zuzeneko guztietara joaten, edozein kontzertutara. Bitxia zen Nerbioiko ezker bazterreko herrien artean zegoen estilo banaketa. Santurtzin oraindik aditzen da Eskorbutoren oihartzuna, Portugalete eta Sestaon rock kaletarragoa egiten zen, eta Barakaldon zapatilla-punk-rocka izan da nagusi. Eta horixe zen Brutusek bertatik bertara jaso zuena, Barakaldo eta inguruko taberna eta kontzertuetan, punk rock jarrera. Ez da kasualitatea, hortaz, bere lehenengo kolaborazioak Punk Rock Attitude fanzinean egin izana. Garai batean (gutxienez) lau fanzine zegoen, maiztasun ezberdinekoak, Barakaldo inguruan: Punk Rock Attitude bera, Punk Rocker, IzuGiroa eta gure Álvaroren BrutusZine izenekoa.

2004ko udazkenean ikusi zuen argia BrutusZine, #00 zenbakia. Hasieran asteko ale bat plazaratzen zuen. Folio bakar batekoa, eta doakoa. Aste horretan lehenengo lerrotik ikusitako kontzertuen kronikak, elkarrizketak, iritziak zein diskoen gomendioak idazten zituen. Edukien zerrenda handituz joan zen, eta hein berean joan zen jaisten maiztasuna: hilean behin, hiru hilean behin eta, azkenean, ahal zuenean.

Gaur egun, IzuGiroa da Barakaldon dagoen fanzine bakarra, BrutusZine 2009an desagertu baitzen. Orduan, paperezko bertsioaz gain, interneten zuen BlogZinea elikatzen zuen aldian aldian; ziur aski inguruotan zegoen horrelako bakarra. Bi biak galdu ditugu orain; sarean dagoeneko arrastorik ez eta, auskalonondauden paperezko ale haiek aurkitu bitartean, ez dugu komuneko berrirakurketa goxorik egiterik izango.

Metxak piztuta jarraitzen zuen eta BrutusZine-rekin beste esparru batera zabaldu zen bere jarduera: diskoak argitaratzeari ekin zion. Bere gustuko taldeei aukera eman nahi zien beren lanak mundu zabalera ateratzeko, eta Le Brutal Records izena jarri zion plataforma horri. Fanzinearekin banatu zituen lehenengo bi erreferentziak, aldizkarian agertutako hainbat talderen kantu bildumak zirenak. Produkzio bideak: lau sos. Hainbeste miresten dituen Ed Woodsek eta Jess Francok egiten zituzten filmak eredu hartuta.

Handik gutxira Billy Baoren kontzertua helduko zen, pixka bat lehenago Liars birrintzaileek Azkenan jo zutena bezain erabakigarria berarentzat. Air-guitar eta euritako-guitar maisua zenak sei sokadun tramankulu bat eskuratu zuen, buruan asmo oso zehatz bat zuela: edozein gauza egitea. Edozein eta edonola.

Eta horrelaxe egin zuen eztanda bonbak, hamaika norabidetan, hainbat fronte zabalduz; fanzinea, kontzertuen antolaketa, zigilua, eta musika taldea. Tira, bakarkako taldea. Izan ere, Krpntrs talde izateko sortu bazuen ere, bakarka aritu zen kideak topatzen zituen bitartean. Gauzak horrela, idazten dizuen honek gonbidapen bat jaso zuen 2006. urte inguruan, Barakaldoko El Tubo tabernara joateko, bertan Krpntrs, The Tubullar Killer eta Psycko Txick€n taldeen kontzertua egongo zen-eta. Lehenengoak esperimentaziozko kontzertu zaratatsua egingo zuen; bigarrenak, rock instrumentala; hirugarrenak, bertsioak, besteak beste Captain Beefheartenak. Kontu arrunta zirudien, ez balitz hiru talde horiek kide bakarra zutelako, eta kide hori Brutus bera zelako. Huraxe izan zen Al Karpenter bakarkako adarraren genesia.

Horrela hasi ginen galtzen Brutusen hamaika proiektutan; fanzine oso bat osa genezake izen guztiekin. Onena duzu Youtube-n duen LeBrutalTube kanalera joan, orain bertan argitaratzen baititu lan guztiak, zoratzeko moduko abiaduran. Lerro hauek zuzendu ditudanean 55. erreferentzia zituen igota. Irakurtzen dituzunean, ehungarrenetik hurbil egongo da. Testu hau berrirakurtzen duzunean Youtube kiskalita egongo da, Brutusen ideiak ez baitira suhiltzaileen ideiak, piromanoena baizik, bururatu baina gauzatzen dituelako.

Zein suhiltzaileri otuko litzaioke, bestela, Velvet Underground eta Nicoren banana berrinterpretatzeko hamaika talde biltzea disko batean, eta azalean, Andy Warholen sinaduraren ordez, berea paratzea? Hamaika talderi bertsio bana eskaini eta eskatu, hamaika baiezko jasotzeko. Hamaika baino gehiago baikara Brutusekin inoiz kolaboratzeko aukera izan dugunok.

Bide horretan, garrantzi handia izan du Le Larraskito Klubak, bertako inprobisazio kolektibotan ezagutu duen jendearekin osatu baitu bere sarearen zati handi bat, hainbat konbinaziotan. Eta nortasun anizkoitzari azken bultzada emateko lekurik onena den horretatik Mubles, Zaratathustra, Taruho eta La Muerte De La Trompeta atera dira.

Baina bere amaraunean galdu ez zaitezen, hona hemen Brutusek berak prestatu dizun aukeraketa:

1. OPUS GLORY IGNOMINIA «Ignominia Sonora #13» («OpusGloryIgnominia#2» CD, 2013) –  
Noise rock bikotea.
Ahotsak lehenengo plano osoa hartzen duenean ttu egiten dizu belarrian.

2. KRPNTRS-«Can-Neu!-balism» («Enter» CD, 2008)
Kraut omenaldia. Baterian Barbara “Tucker”.

3. KONTUBERNIO KRIMINAL KOSMIKO!!!-«L´Mono Aullador» («Kontubernio Kriminal Kósmiko» CD, 2011)
Marko Polo dut izena eta hiltzaile bat naiz. The Fall Barakaldotik pasa zirenekoa.

4. LAPIDACIÔN LÄSER-«Wesley Willis» («Lapidaciôn Läser» CD, 2012)
Inork aurkitzen badu omenaldi zintzoagorik Wesley Willisentzat jakinarazi, mesedez. Akorde bakar bat eta izen bakar bat eztarria urratu arte.

5. ZARATATHUSTRA- «Überman (From Nowhere To No Where)»
Noise nihilista: biolina, zarata zuria, ahotsa, feedback, inprobisazio kolektibo eta neurritsu batean. Ederra.

6. AL KARPENTER-«Pablo Picasso» («Remake» CD, 2013)
Jonathan Richman, John Cale eta Pablo Picasso, hirurak gitarren sasitzara.

7. ERSZÉBET-«Procreation Of The Wicked» (laster)
Argitaragabea. Idatzi hemen zure iruzkina entzun eta gero, mesedez:

_______________________________________________________________________.

8. MUBLES-«Bajo Tierra» («We Are Mubles» CDEP, 2013)
Le Larraskito klubeko big banda, bilbomierdismoaren erakusgarririk behinena. Josetxo Grietaren lekukoa ondo gordea dago.

9. LA MUERTE DE LA TROMPETA-«Decadencia» («Decadencia» CD, 2013)
Mublesen aldaera intelektuala, mingostasunaren silogismoa.

10. 3L P3RR0 V3RD3-«Epílogo» («EPílogo» CDEP, 2009)
“Rocka”, kakotx artean. Soka bat, nota bat, ahots hari bat, behin eta berriz, en el principio, en el inicio.

(Eskerrik asko Álvaro Matilla “Brutus”-i eta Aitor Izagirreri)

ibon rodríguez

pop pilulak
2013ko negua
alvaro brutus

komunikabideak

Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria